Gailurra MT

Gailurra mendi-taldea 1991n sortu zen, Uribarriko mendizaleon topagunea izateko asmoagaz. Ordutik aurrera asko dira Gailurra mendi-taldeagaz batera mendira joan direnak, mendizaletasunean trebatu direnak eta antolatutako ikastaro, hitzaldi, parranda eta abarretan parte hartu duten uribarritarrak, bilbotarrak, euskal herritarrak, eta azken finean, mundutarrak. Mundu honetakoa ez dirudien bat edo beste ere bildu da gure artera; eta hori ere etxean bezala sentitu dela jakin badakigu.

Aipamen berezia merezi dute mendi-taldearen hazia landatu zutenek: Txema, Juanto, Txipi, Carmen, Andoni… Eta ezin aipatu gabe utzi, honezkero gure artean ez dauden gailurratarrak: Garbiñe eta Ane. Musu bana guztiei!

Gailurra mendi taldea ez da bidaia-agentzia. Gurean ez dago bezerorik, ezta kudeatzailerik, gure taldean parte hartzaileak daude. Parte hartzaile batzuk aktiboagoak dira, eta jarduerak antolatzen dituzte, mendi-taldeak dituen baliabideak erabiliz, denon interesak kontuan hartuta,  betiere gainerako parte hartzaileekin batera segurtasunez mendiaz gozatzeko asmoz. Edonor izan daiteke parte hartzaile, eta apurka-apurka gero eta aktiboagoa izan. Gailurra mendi-taldea denon artean egiten dugu!

Gailurra mendi-taldea, beraz, elkarte herrikoia da. Eta horregatik, auzoko eta inguruko zenbait elkarterekin batera, kultura- eta kirol-proiektu herrikoietan ere parte hartzen dugu: Uribarriko jaietan, San Juan egunean, Lezamako trenbide zaharreko Naturgunearen aldeko ibilaldian, Uribarriko Auzolanean…