Mortxe – Saldise (1123)

13-02-2022

.

Kontraste haundiko ibilbidea. Lehenengo zatia bide errazetatik doa Artetako iturbururaino. Bigarren zatia basatia da, Artazulgo ur-jauziaren ondotik pasa eta Aizpungo sakanan gora egiten du, bide aldapatsu eta ez oso zapalduetatik.


Anotz herrian Arakil ibaia zeharkatzen du errepideak. Zubitik abiatuko gara, ibaia eskuinaldetik igotzen duen pista hartuta. Berehala, pista utzi eta PR-NA170 bideari jarraituko diogu. Bide errazetatik Ilzarbe, Ollo eta Arteta herriak lotuko ditugu, baita aintzineko gatzaga ere, Artetako iturburura iritsi arte.

Jarraian, Udarbe errekak ireki duen haitzarte estua igaro behar dugu Artazulgo ur-jauziaren oineraino; horretarako, ezinbestekoa da erreka harrotuta ez jaistea.

Ur-jauzia baino pixka bat beherago Aizpun sakanarantz sarbidea dugu. Hasieran oso aldapatsua eta gutxi zapalduta den bidexka batetik igo behar dugu, altuera hartzeko eta sakanako arrakala sahiesteko. Altuera hartuta bidexka leunagoa da , eta behin sakanaren gaina irabazita, basoan barrena jarraituko dugu, oso agerikoa ez den bidezidor batetik, Ulzurrun mendatea bilatzeko. Bertatik Mortxe mendia ikusten da jada, eta zelaietatik jarraitzen da gailurreraino (1123m).

Ekialdeko isuarialdetik jaisten da, lehenengo Saldise izeneko tontor txikitik pasatuz, eta gero, oso erosoa ez den eta Saldiseko ertza baino pixkat baxuago doan bidexkatik, Portutxabalgo pasabidea topatu arte (670m), beste isurialdera bueltatzeko. Baso bat zeharkatu ondoren, gutxi markatutako bidezidor bat bilatu behar dugu, mendilerroa iparraldetik inguratzen duena, eta Saldise herrirantz doana.

Handik, PR-NA170 berriro jarraituz, hego-ekialderantz joko dugu, eta, ondoren, iparralderantz, Gazteluko mendi txikiaren ondotik igaroko gara. Mendi horrek gotorleku bat du gailurrean. Azkenik, bidexkak Udarbe ibaiaren gaineko zubira eramango gaitu, Arakil ibaiarekin bat egiten duen tokitik oso gertu, hori da ibilbidearen abiapuntua.

MAPA IREKI

Tracka deskargatu

EGURALDIAREN IRAGARPENA egunero gaurkoratuta.


ADI: eurite haundiak eta gero, edo ur-goraldi garaian ezin da Udarbe errekako haitzartea oinez igaro Artazul ur-jauzira iristeko, eta beraz, ezin da ibilbidea hemen deskribatuta dagoen bezala egin. Kasu horretan beste ibilbide bat egingo dugu.

DATU TEKNIKOAK
Jarduera mota Egun bakarreko irteera zirkularra oinez.
Metatutako desnibela +1020 / - 1020
Luzera 21.5Km ( 7:15 or.)
Jardueraren iraupenaren aurreikuspena 7:15 ordu
Material tekniko beharrezkoa Sasoi honetarako egokia diren mendiko arropak eta botak. Bastoiak gomendagarriak dira
MIDE metodoaren araberako zailtasuna (1=erraza, 5=zaila) Ingurumen-arriskuak 3
Orientazio-zailtasuna 3
Ibiltzeko zailtasuna 3
Ahalegin fisikoa 4

Ibilbidearen hasiera eta bukaera

Arakil ibaiaren zubia.

Elkartzeko tokia eta ordua

9:00 / NA-7020- Anotz -> Aparkalekua, Arakil ibaiaren zubiaren ondoan.

Bertara joateko

Bestelako oharrak

Izena ematean idatzi komentarioetan autoa eta zenbat plaza libre dituzun, edo autoa norbaitekin partekatzea adostu duzun. Kontaktuak partekatuko ditugu autoak betetzen saiatzeko. Bilbao-Irurtzun-Anotz 145 Km - 1:40 or.

Irteerarako izena emateko azken eguna

11-02-2022

IZEN EMATEA ITXITA DAGO