Las Loras asteburuko irteera

19-10-2024

Urriaren 19an eta 20an Las Loras geoparkean bi ibilbide egingo ditugu: larunbatean Peña Amayara igoko gara, eta igandean, Las Tuercesetik ibiliko gara paraje berezi hau ikusteko.

(2024/10/19) – PEÑA AMAYA

Peña Amaya 1371 metroko talaia erraldoia da, Historiaurretik eta mende askotan zehar jendea bizi izan da bertan. Batzuek erromatarren aurreko Kantabriako hiriburutzat jotzen dute, eta Kantabriako zenbait jenderentzat giro mistikoa eta mitikoa du. Gure ibilbidean aztarna arkeologiko ugari ikusi ahal izango ditugu.

Amaya herrian (975m) hasiko gara. Pista bat hartuko dugu ipar-mendebalderantz, eta igoera txiki batetik ekialderantz biratu ondoren, aztarna arkeologikoz betetako muino baten sarrerara helduko gara. Ondoren,  El Castillo gailurra ezkerretara utziz, ekialderantz jarraituko dugu, Peña Amayako haitzaren baseraino. Bertan  kanal bat bilatu behar dugu goiko aldera igotzeko,  leku batzuetan eskuen laguntzagaz igo behar da,  baina ez da zaila.  Gero, ipar-ekialderantz zeharkatuko dugu goikaldeko paramoa, Peña Amayako tontor eta seinale geodesikora iritsi arte.

Paramotik jaisteko iparraldera doan kanal bat bilatuko dugu, honek eremu harkaitsuaren behealdera eramango gaitu, eta bertatik hego mendebaldera jarraitu behar da Peña Amaya inguratzen. Bidea ez da oso nabarmena baina, altuera haundia galdu gabe,  El Castillo ondoko lepora iritsiko  gara, eta bertatik tonterra igoko gara.  Amaitzeko, berriro jaitsiko gara hasieran zeharkatu dugun muinora, eta handik, pista jarraituz, herriraino.


(2024/10/20) – LAS TUERCES EREMU BABESTUA

Eskaladazaleek gustokoa dute paraje hau. Aire zabaleko harrizko labirintoa da, eta pasabide estuz, zuloz eta gangaz beteta dago. Hauek, garai batean, lurpeko galeria primitiboetako kare-sabaiaren disoluzio naturalaren ondorioz sortu ziren.

Villaescusa de las Torres herrian hasiko gara, ekialderantz doan pista batetik. Pista hori bidezidor bihurtuko da gero, pinudi bat zeharkatuz, Gama herriraino iristeko (960 m). Bertan dugu iturria behar izanez gero. Herritik hegoalderantz joko dugu goranzko bidezidor batetik, Gamako gazteluaren hondakinen bila (1.067 m) eta Pico Castilloraino (1.098 m).

Ondoren, mendebalderantz pista batetik itzuliko gara, eta iparralderantz biratu ondoren Las Tuerces paraje zoragarrian sartuko gara. Bertan Peña Mesa(1.071 m) ospetsua ikusiko dugu, perretxiko forma duen haitz enblematikoa eta tontorrean burdinazko gurutze bat duena. Iparralderantz zeharkatuko dugu gero, labirinto barrutik, eta haien formak behatuz, Villaescusara doan bidea topatu arte.


GMT-Peña Amaya
Tracka Deskargatu
Gama-LasTuerces
Tracka Deskargatu
DATU TEKNIKOAK
Jarduera mota Egun bakarreko irteera zirkularra oinez.
Kokapena
Metatutako desnibela Peña Amaya: +- 525m
Las Tuerces: +- 500m
Luzera Peña Amaya: 14 km
Las Tuerces: 14 km
Jardueraren iraupenaren aurreikuspena Peña Amaya: 5 h
Las Tuerces: 5h
Material tekniko beharrezkoa Sasoi honetarako oinetako eta arropa egokiak. Makilak. Frontala. Ura. Bai larunbateko bai igandeko bazkaria.
MIDE metodoaren araberako zailtasuna (1=erraza, 5=zaila) Ingurumen-arriskuak 3
Orientazio-zailtasuna 3
Ibiltzeko zailtasuna 3
Ahalegin fisikoa 3

Eguraldiaren Iragarpena


Sakatu iragarpen zehatzagoa ikusteko (meteoblue)

Ibilbidearen hasiera eta bukaera

Amaya

Elkartzeko tokia eta ordua

larunbatean, goizeko hamerretan

Bertara joateko

Gure kotxeetan. Idatzi KOMENTARIOTAN ea kotxea behar duzun edo partekatu nahi duzun, eta zenbat leku libre dituzun. Kotxeak antolatzeko zure kontaktua partekatuko dugu.

Ikusi nondik joan

Bestelako oharrak

-OSTATUA: Larunbatean Aguilar de Campooko kanpinean lo egingo dugu (Camping Monte Royal), kanpin-dendan, furgon, bungalowen...Norberak deituko behar du kanpinera bere erreserba egiteko. Bungalow partekatzeko beste norbait behar baduzu, idatzi komentariotan eta saiatuko gara harremanetan jartzen.

-JATEKOA: larunbateko afaria eta igandeko gosaria kanpinen bertan egiteko aukera dago.
- CAMPING MONTE ROYAL - Carretera Virgen del Llano 34800 Aguilar de Campoo Tfno: +34 979 181 007 - info@campingmonteroyal.com

Irteerarako izena emateko azken eguna

17-10-2024

IZEN EMATEA ITXITA DAGO