Aurtengo mendi-martxeak ibilpide bi eukiko ditu. Nagusia Bermeoko Taraska plazan hasiko da, goizeko 09:00etan, beste edizino batzuetan lez; eta beste bat egingo da, laburragoa eta samurragoa, Arrietako udaletxetik abiauta goizeko 10:00etan. Helburua da zutabe biek Solluberen tontorrean (684 metro) bat egitea, eta zintzo-zintzo betetea eguerdiko hamabietan adarrak joteko tradizinoa.
Oraingo honetan, klub anfitrioiak –Sollube 707– ibilpide zirkular bat planifikau dau, inguruan dagozan paisaia ederrak ezagutzera emoteko. Talaia harek iparraldetik Kantauri itsasora eta hegoaldetik Bizkaiko barnealdera begiratzen dau. Ibilaldia Bermeoko erdigunetik Demiku auzorantz joango da, eta, apurka-apurka, Katillotxu (336 metro) mendiaren magalean gora egingo dau. Kostaldeko mendi txiki horretan multzo arkeologiko megalitiko interesgarria dago. Handik, eta Urdaibaiko itsasadarraren ikuspegi ederrak dituen larreetan zehar, ibilaldia Iturrietaren oinetara (611 metro) hurbilduko da, eta, bertatik, Sollubeko deiadar-tontorrera. Itzulerea hainbat bidezidorretan zehar egingo da, Bizkaiko txoko harek ezkutatzen dituan beste ikuspegi batzuez gozatzeko.
Ibilpide laburrena Solluberen beste magaletik egingo da, eta Mungiako Tallu Mendizale klubeko kideek gidatuko dabe. Beste ibilpide zirkular hori goizeko 10:00etan hasiko da, Arrietako udaletxean. Herri txiker horretara joaten diranek haraneko bidexka sigi-sagatsuetan barrena hasiko dabe ibilpidea. Iturrieta mendira joango dira lehenengo, eta, handik, apurka-apurka, Sollube mendira igoko dabe.
You must be logged in to post a comment.